2007/08/29

Korsika, Île de Beauté

Korsika, edertasunaren irla esaten diote, eta egia da eder ederra dela, dena mendia eta kosta, mila hondartza, ibai hotzak, mendi berde eta haitz txuriak. Horrelaxe da korsika, herri txiki asko, hiri ertain gutxi eta ibilbide piloa toki guztietatik eta maila guztietakoak.

Aeroportura iritsi, hirira jaitsi eta Portorako busaren zain nengoela hondartza bat topatu nuen, eta hortxe, eguzkia lagun, lehenengo bainua hartu nuen. Hurrengo egunean oinez edo itsasontziz soilik iritsi daiteke herri batera joan nintzen, Girolatara, kostako ibilbide ederra eta bakarrik nengoen kala batean beste bainu bat hartu nuen. Hurrengo egunean kosta utzi eta barrura, Otara, eta handik beste ibilbide bat Evisara. Gora eta gora kriston desnibela zegoen mendiko herri horretara iristeko. Han beste ibilbide bat putzu eder batzuetara eta...noski, bainua. Bueltan, Otara heldu baino lehen Pont Genoisen azpian, beste bainu bat...

Horrela egun asko pasatu ditut, ibilbideak egiten eta bainuak hartzen. Batzuetan Mare monti etapa batean, gero GR20aren etapak mendi altuetan, haitz ederren artean eta mendiko aterpetan lo egiten, gero iparreko kostan hondartza batetik bestera eta bitartean kala batzuetatik pasatzen ziren ibilbideak eginez, zenbat bainu, eguzkia eta natura. Berriro barrukaldera sartu nintzenean egunak ajustatuz Corte hirira joan nintzen, txikia eta polita, Restonika eta Savignano bailarak hasten diren hiria. Xarma berezi bat zeukan.

Naturari begira irla ederra da korsika, espero nuen baino turista gutxiago ikusi ditut, gehienak frantsesak eta italiar batzuk, oso euskaldun gutxi eta toki turistikoetan bakarrik. Falta zait Korsikako jendea ezagutzea. Baina gauza bat argi ikusi dut, euskaldunek harrera ona jasotzen dugula. Euskalduna nintzela esaten nuen bakoitzean haien seriotasunez keinu baikor bat egiten zuten. Hurbiltasuna erakusten zuten.

Musika pixkat ere entzun nuen, kalean eta autobusetan. Abesti italiarren antza handia dauka, ez zait gustatu, baina behin baino gehiagotan entzun dut O belachao eta Bandera Rossa abestiak, autobusetan eta.

Gehienetan nik janaria prestatzen nuen arren hangoa ere dastatu dut, berezitasuna gaztaina asko erabiltzen dutela , gaztainako hirina egiten dute eta ogia, bikotxoa baita saltsak eta mermeladak. Oso tipikoak dira hango enbutidoak eta edonon aurkitzen dira pizzak, crepes eta izozkiak. Etorri baino lehen etxerako hiru saltxitxoi erosi nituen, ahuntzarena, basurdearena eta astoarena. Gozo. Beste gauza kurioso bat, nire abizena edo zeukan gazta-bollo bat zegoen, migliacciu. Erosi nuen, noski, eta guztia nik neuk jan.

Kostako herri gehienetan kanpinak daude eta barruko askotan ere, horrela alojamenduaren arazoa konponduta, merke baitira. Kanpinean izanda nire janaria prestatzen nuen, entsaladak edo prestatuta zegoen janaria supermerkatuetan erosi. Baina hoteletara eta jatetxetara joan nahi duena, que vaya preparando el bolsillo!.